XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), zilarrezko paper urdinak errekastoak atondu zituen, Londoneko osaba batek eguberritan berataz gogoratzeko ekarri zizkigun kotxetxoak, gansterren garaikoak, bide ertzetan jarri nituen, eta aitak zapi batean, bakardadean berak bakarrik jostatzeko gordetzen zituen berunezko soldadutxoek gordetzen zuten ziutatea edozein arerio ezkuturengandik.

Hura ikustean arkitektoa izan behar nuen burutazioa sartu zitzaion aitari, etxetxoak ganbarara bazterreratu eta traste artean zapuztu, potortu eta hautsatu ziren arte.

Orain, sasoi hura udazkenean enarak bezala ostendu eta urrundu denean, etxetxoak egiteari ekin diot berriro.

Egun batean aitonarekin, taberna zaharra ni jaio aurretik itxia zegoena txukuntzen ari nintzela, dirutxoak, txanponak aurkitu nituen.

Herdoilak lan handia egina zuen ontzi hartan-eta hiru aste bota nituen alkoholarekin diruak garbitzen.

XVIII. mendeko bat agertu zen, hamairu joan den gizaldikoak eta gerra aurrekoak gehienak.

Gero Pistorius organista zaharrak paperezko pezeta, hogerleko eta bosdurokoak eman zizkidan horiekin batera gordetzeko, baina mesede baten truke.

Lizunduak eta arratoiek janik zeuden koruko partiturak kopiatzeko eskatu zidan, eta urte bete luzatu zitzaidan lana, artean ez bait zen fotokopiadorarik ezagutzen, ez Belandian, ez inguruko herrietan.

Gainera, zahar eta higatu itxura ematearren, tajo, pluma eta tinta txinoaz idatzi nituen, erdi aroko abadeen gisan, eta orain, sasoi hura udazkenean antzarrak bezala ostendu eta urrundu denean, bizitzan beharrezko diren pazientzia eta kuidadoa izaten ikasi nuela uste dut kopiaketa amaigabe hartan.

Belandiako eliza altua da, labor baten erlaizea bailitz, (...).